lunes, 18 de febrero de 2019


ADIERAZPEN TEKNIKAK

Elorri Darthayette, Fray dito Erlea, Andrea Iparragirre.


Beñat Lascanoren tesia:
Ipar Euskal Herriko haur elebidunak


Lan honetan, Beñat Lascanoren « Lehen hezkuntza euskarazko murgilketan segitzen duten ikasleen euskara-frantsesa elebitasunaren azterketa » artikulutik abiatuko gira. Jakin behar da lehen hezkuntza eskolari erreferentzia egiten diola. Alabaina, 6 eta 12 urte artean diren haur guztiak eskuratzen duten irakaskuntza da. Oro har, hezkuntza da pertsonaren ahalmenak garatzea, gizartean bizitzeko prestatzea eta gaitzea. Lan horren azterketa egiteko, Iparraldeko haurren hiru kasuak baliatuko dira : haur elebidunak, ingurumen euskaldun batean bizi direnak, haur elebidunak, baina, ingurumen frantses batean bizi direnak eta, haur frantses elebakarrak direnak. Gero, hiru eskola desberdinetan banatuak dira : ikastola, non dena euskaraz egiten den, eta frantsesa ikasgai bat bezala kontsideratua da, ikasbi-ren modeloa, denbora bitan zatitua da, ikasleek ukan dezaten ber denbora euskaraz eta frantsesez eta azkena, dena frantsesez egiten da.

Bukatzeko, garrantzitsua da, zehaztea, eginen dugun lanean, Lascanoren artikulua bezala, ikerketa transbertsala izanen dela, erran nahi du hiru talde hartuak direla : 6, 9 eta 11 urtekoak. Gure buruari galdegiten ahal diogu, haurrak zoin diren gaitasun linguistikoak garatzen dituztenak eskolan. Horrentzat, hasiko gira artikuluaren bilduma baten eginez, esplikatuz euskararen irakaskuntza zer den, hizkuntza jabekuntza aztertuz eta bere emaitzak emanez. Gero, segituko dugu, ondorio eta hausnarketa batekin. Bukatzeko, lanari itxura intersgarri baten emateko, galdetegi bat idatziko dugu.



TESIAREN LABURPENAREN LABURPENA

Tesi honek 2012 eta 2016 urteen artean eginiko ikerketa lana aurkezten du, zeinak Ipar Euskal Herriko (IEH) lehen mailako haur elebidunen hizkuntza gaitasuna aztertzea zuen helburutzat. Euskarak IEHn duen egoera bereziak interesa gehitzen dio ikerketa honi: euskara diglosia egoera azkarran dago frantsesarekiko eta, beraz, eskolak hartzen du maiz hizkuntza transmititzeko eginkizuna.
Egileak honako galdera hauek planteatzen ditu problematika bezala: hezkuntza bukaeran haurrek neurri berean jakingo ote dute frantsesa zein euskara? Hizkuntza gutxitu bat ikasteak zer eragin eduki dezake ikaslearen lehen hizkuntzan? Zer eragin du hizkuntzen jabekuntzan eta beste ikasgaietan? Galdera hauei erantzuteko, ahozko ekoizpenen analisi diskurtsiboa egin da.


Analisiaren ondorioekin hasi baino lehen, IEHn euskararen egoera zein den azaltzen du egileak. Lehen aipatu bezala, eremu honetan, euskara egoera diglosikoan dago, frantsesarekiko menderakuntza pairatzen duelarik sendi-, hezkuntza-, lan-, administrazio-, komertzio-, hedabide- eta bestelako eremuetan. Era berean, Frantziar estatuak ez dio inolako ofizialtasunik ematen euskarari.
UNESCO erakundeak "arrisku larrian" diren hizkuntzen artean sailkatzen du euskara. Horrela sailkatua izateko irizpidea honekoa da: adineko belaunaldikoak euskarazko hiztun aktiboak badira ere, belaunaldi gazteagoan hiztunak pasiboak dira eta, ondorioz, haurrekiko transmisioa ez da ziourtatuta.
V. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak 2011an egina, IEHn biztanleriaren %21,4 elebiduna da. Aldi berean, honko bi datu nahiko adierazgarriak dira baita ere: IEHko biztanleen %39 euskara sustatzearen alde agertzen da eta %21, berriz, horren aurka. Transmisioa eta erabilerari begiratuta, %19,5 lehen hizkuntza bezala ukan du eta %9,6k euskara frantsesa baino gehiago erabiltzen du. Dena den, ñabardura garrantzitsu batek pisu handia hartzen du transmisioari dagokion datuetan: belaunaldi gazteengan, gaitasuna etxeko transmisioa baino handiagoa da. Izan ere, euskara dakiten adingabeen artean, erdiak baino gehiago ez du euskara etxean ikasi.

Euskarazko irakaskuntza frantses hezkuntza sisteman
IEHn bi modelo ezberdinetan eskaintzen dute euskarazko hezkuntza: ordu parekotasunezko eta murgilketazko modeloak. Bi modeloak "irakaskuntza elebiduna" kontsideratzen dira. Mota honetako irakaskuntzan bi hizkuntza erabiltzen dira, haurraren lehen hizkuntza ez den horren bitartez ere ikasgaiak irakasten direlarik: matematikak, este baterako.
Horrek berezitasun pedagogikoak ekarriko ditu, hizkuntza hutsen trataeran batez ere. Hasiera batean, ikaslearen H2-aren bitartez irakatsiriko ikasgaietan, hutsak egitea normaltzak hartuko da. Epe horretan, ikasleari irakasleak esandako esaldien zentzu orokorra ulertzea eskatuko zaio, eta geroago interbentzioak egiten hasiko da. Horrelako ikasaldiak era egokian aurrera eramateko, ezinbesteko baldintza da irakasleak hezkuntza modeloko bi hizkuntzak jakitea: hau da, ikasleen H1a eta H2a. Era berean, H2an aritzean bere hitz egiteko modua egokitu beharko du (hasieran batez ere), hizkuntza erraztu bat, erritmo eta jario egokia, errepikapenak edota itzulpena baliatuz, besteak beste.
Egileak hizkuntza modelo ezberdinak deskribatzen ditu, zeinetan ikastetxeko hizkuntza ez den ikaslearen H1a. Hasteko, submertsio modeloa deiturikoan, ez da ikaslearen H1a kontuan hartzen eta ikasleari eskolako hizkuntza ikas dezan eskatzen zaio. Bigarrenik, trantsizio modeloan, ikaslearen H1a eskolako hizkuntza ikasteko baliatzen da, eta behin ikaskuntza prozesu hori burutzen delarik, eskolako hizkuntza nagusitzen da. Bukatzeko, "hizkuntzen pizte" deituriko modeloa ere bada, ikasleek etxetik dakarten bigarren hizkuntzak baloratzen dituena, anitzak badira ere. Dena de, modelo honen helburua ez da hizkuntza guztiak ikastea.
Helburu elebiduneko modeloei dagokienez, bi dira nagusi: mantentze eredua deritzona eta murgiltze ereduko bi aldagai ezberdin. Mantentze modeloaren helburua bikoitza da: ikasleari H2a irakasten zaio eskolan, bere etxeko H1a atxikiaraziz aldi berean. Murgilketa bikoitzezko ereduan bi hizkuntza erabiltzen dira eskolan; eta, azkenik, murgilketazko ereduan, ikasleari H2 jakin bat irakasten zaio, bere H1a alde batera utzi gabe.1
IEHko eskola elebidunetan ordu parekotasun eta murgilketazko modeloak daude. Euskara diglosia egoeran egonik, murgilketazko modeloak mantenuzko modeloaren antza hartzen du.


Frantziar hezkuntza sistema eta hezkuntza elebiduna
Frantzian eskola gehienak hezkuntza eredu elebakar frantsesa eskaintzen dute. Bestelako hizkuntzak ("eskualdeko hizkuntzak" deiturikoak) kontuan hartzen dituztenen artean, eskola publiko eta eskola giristinoetan ordu parekotsunezko eredua hautatu da. Murgilketa eredua, ordea, elkarte eskola pribatuek eskaintzen dute. Frantzian 13 hizkuntza inguru irakasten dira modelo hauetan, guztira 270.000 ikasle bilduz. Hizkuntza horietatik 7 modelo elebidunean eta 5 murgilketazkoan. Euskararen kasuan, bi modeloetan presente dago eta, lehenago aipatu bezala, bi biak "hezkuntza elebidun" kontsideratzen dira.
Mota honetako hezkuntza eskaintzen duten ikastetxeak geroz eta gehiago dira IEHn. Dena den, ikasleen bilakaerari begiratuta, horren baikorra ez den fenomeno bat ikus daiteke: irakaskuntzan gora egin ahala, geroz eta ikasle gehiagok uzten duten modelo elebiduna, elebakarrera pasatzeko, grafikoan agertzen den bezala. Lehen mailan 62-38 da ikasleen banaketa, eta lizeoan 90-10 bilakatu da, frantsesaren alde.


(Iturria: Lascano, Beñat, Étude du bilinguisme basque-français chez les élèves suivant une scolarité primaire inmersive en basque, 16. orrialdea)

2015ean IEHko eskolen %60k modelo elebidunetako bat eskaintzen zuen, eremu honetako haurren %37,2 hezkuntza mota honetan zeudelarik. Modelo honek handitze prozesu bat bizi du orain arte. Ordu parekotasunezko modeloan, lehen hezkuntzako bukaeran ikasleek europar markoaren A2 maila edukitzea aurreikusten da. Era berean, kolegioaren bukaeran B1/B2 maila eta lizeoaren bukaeran B2/C1 mailak lortzea iguriki da, hurrenez hurren. Murgilketazko ereduan, aldiz, elebitasun orekatua edukitzea iguriki da lehen mailaren bukaeran.

IEHn Ikastolek eskaintzen dute murgilketazko eredua. Eskola pribatu hauetan, ikasgai guztiak euskaraz ematen dira, frantsesa edo bestelako hizkuntzen ikasgaiak ezik. Estatuarekin kontratuan diren eskola pribatu guztiek bezala, Frantziako Hezkuntza Ministeritzak finkaturiko programak jarraitzen dituzte. Ikastolek metodo pedagogiko berezia eskaintzen dute, instrukzio hizkuntzatzat euskara hautatu dutelako, hau da, hizkuntza gutxitu bat. Maiz, euskara ez da ikastoletako haurren gehiengoaren H1a eta pedagogikoki egoera horretara egokitu beharra dago.
Ikasleen ulermena estimulatzeko eta errazteko, hizkera bakundu bat, keinuak eta artikuazio zein erritmo egokitua baliatzen dira. Honako hau da hezkuntza modelo honen erronka: aldi berean eduki eta hizkuntza bat irakastea. Irakasleez gain, egileak azpimarratzen du gurasoek ere errol garrantzitsua dutela ikastoletan.


Hizkuntza jabekuntza elebiduna
Egileak hizkuntza jabekuntza elebidunari buruz hausnartzen du ere. Bost urtetatik aurrera haurra fase garatuan sartzen da, heldutasunaren oinarrizko hizkera bereganatzen duelarik. Zazpi urtetan egonkortzen sinaptikoa deritzona gertatzen da, eta handik aurrera zailago izaten da fonema berriak ikastea.
Hezkuntza elebidunean, gertaera bereziak badira hizkuntzen jabekuntzari dagokionez. Esate baterako, bi hizkuntzen arteko interferentziak eta transferentziak gertatzen dira. Interferentzia eta tranferentziaren arteko ezberdintasuna zera da, elebitasunak hiztunarengan akatsak bultzatu ala erraztasunak ematen dizkion.
Beste modu batera esanda, hiztunak hizkuntza transferentzia bat egingo du hizkuntza batean duen gaitasun bat beste hizkuntzan erabili dezakenean. Adibidez, hizkuntza bat ikastean barneraturiko fonema jakin bat beste hizkuntza batean erabil dateke. Aldiz, interferentzia fenomenoan, hiztunak hikuntza bateko kode linguistiko bat beste hizkuntzan aplikatzen saiatuko da, baina horrek akatsa egitera bultzatzen duelarik. Adibidez, frantseseko egitura sintaktiko jakin bat euskaraz hitz egiterakoan atntzeratzen saiatuz gero, egitura agramatikalak sor daitezke.
Gauzak horrela, hizkuntza batean lortutako jakintza eta abileziak onuragarriak izan daitezke bigarren hizkuntzarentzat, beti ere bi hizkuntzen jabekuntza neurri berdintsuak ematen baldin bada. Atal honekin bukatzeko, egileak azpimarratzen du ikasleen elebitasun mailan faktore ekonomiko, politiko, sozial eta afektibitatezkoak eragin dezaketela.


Jabekuntza elebidunari dogozkion ikerketen emaitzak
Egileak dioenez, Frantziar lurretan, tokiko hizkuntza gutxituak erabiltzen dituzten eskoletako haurrek hizkuntza maila ona dute. Egindako ikerketek hori agertzen dute. Begirada hegoaldera luzatuz, euskara-gaztelania elebitasuna aztertua izan da baita ere. Emaitzek adierazten dute egoera sozio-linguistiko ezberdineko eremuetan euskaraz eskolatutako haurrek emaitza nahiko onak dituztela, ahozko ekoizpenei dagokienez. Zehazki, Zumaia eta Lizarrako haurren gaitasuna erkatu du egileak. Zumaia eremu euskaldun batean kokatzen da, zeinetan euskara oso bizirik den. Lizarra, aldiz, euskararen presentzia oso murritza da, eremu erdaldunean kokatzen baita. Zumaiako ikasleek euskara dute H1 bezala eta Lizarrakoek, berriz, gaztelania.
Beraz, ikerketek agertzen dute zortzi urtetatik aurrera ikasle gehienak autonomoak direla euskarazko ipuin kontaketetan. Gainera, harrigarriki, euskara H2tzat duten ikasleek kontaketa osatuagoak ekoizten dituzte beren H1n ari direlarik baino. Dena den, Zumaia eta Lizarra bezalako bi eremu erkatuz, ergatiboaren menperatzearen inguruko ezberdintasun nabaria dago: euskara lehen hizkuntzatzat dutenek ez dituzte horrenbeste ergatibo akats egiten. Honetaz gain, ikerketa hauek zera erakusten lagundu dute, murgilketazko ereduak bi hizkuntzen jabekuntza segurtatzen duela, instrukzio hizkuntza gutxitua denean ere.
Atal honekin bukatzeko, egileak hainbat ikerlariren aurkikuntzak aipatzen ditu, elebitasunaren onura kognitiboei lotuak. Besteak beste, hauek dira elebidunengan detektaturiko hobekuntzak: arrazonamendu abstraktu zein pentsamendu sortzailearen handitzea; kontzeptuak eraikitzeko erraztasuna; gaitasun metalinguistiko gehiago; edota espazioaren pertzepzio hobea.

Ahozko testu enpirikoen analisia diskurtsiboa
Ipuin miresgarrien generoa, 6 eta 11 urteko haurrentzat egina izan da, ohiturazko genero bat baita. Ipuin horiek, sekuentzia narratibo kanonikoaren arabera antolatuak dira. Haien gertakariak leku berezi batean pasatzen dira, koordenatu espazio-tenporal bereziekin, …
Lehen hezkuntzan, ipuin miresgarriak lantzen dira, testu genero gisa, gaitasun kognitibo eta linguistikoak ainitzek proposatzen dutelako. Testu horiek hiru antolakuntza maila lituzke :
  1. Azpiegitura
Horretan dugu, testu atalen eta tematiken planifikazioa eta tipo-dirkurtsibodesberdinen erabilera. Gero, narrazioen edukiaren planifikazioan, bost oinarri ditugu : hasierako egoera, desoreka, ekintzen garapena, oreka, bukaerako egoera. Hickmann-en arabera, kontaketentzat, beharrezkoak diren oinarriak, 2 eta 6 urteen artean egiten da.
  1. Testuratzea
Testuratze mekanismoa lotua da, tematikoaren progresioari. Mekanismoan dugu : konexioa, aditz eta testu antolatzaile desberdinen erabilerak eraikia, edukien hierarkia eta artikulazioa markatzeko, gertaera, egoera eta ekintzen denbora antolakuntza osatuz.
  1. koherentzia pragmatikoa
Hori aurkitzen da testuetan, ahots desberdinen markaketarekin eta modalizazioarekin, edukien ebaluazioak proposatuz honek. Horren esker, hartzaileak testuaren interpretazioa lantzen du.

Protokolo esperimentala
Enuntziazio egoeraren parametroek anitz eragiten ahal dute bilketa baten emaitzan. HIJE ikertaldeak, lehenik hautatu du ahozkotasuna lantzea, bilketa transbertsal baten bidez. 6 urtekoak, irakurtzen eta idazten hasten direlako, ezin dute testu bat idatzi. Ahozkotasunaren parametroan, testuinguruaren eragina sartzen da. Horren ondorioz, kontatzaile eta entzulearen artean, komentarioak, esplikazioak, keinuak, begiradak, isiltasunak, … agertzen dira.
Segitzeko, ipuin baten kontaketa egin dute, gela batean heldu batek ipuina kontatzen zien 5/6 haurrei, irudi album bat erakutsiz (ipuina eta heldu ezagutu gabe). Gero, lehen ikasle batek bigarrenari kontatzen zion, bigarrenak hirugarren bati, … , taldeko guziak pasatu arte, beste talde batekin berriz hasi aitzin. Hain bat ipuin osatuak biltzeko eta corpus bat egiteko, haurrek, ahal bezain xehetasunekin kontatu behar zituzten.

Analisia ardatzak eta hipotesiak
Ahozko testu narratiboen ekoizpen batetik pasatuz, haurren gaitasunak euskara eta frantsesean aztertuko dira. Horrentzat, kontaketarako autonomia, edukien eta testu-atalen planifikazioa, eta testu antolatzaileen bidez eraiki konexioa eginen da.
Ahozko ekoizpen eta adierazpenean autonomia lortzea urrats bat da hizkuntza baten garapenean. Gaitasun monologalaren lortzeak frogatzen du hizkuntzaren jabekuntzan aurreratua dela haurra, eta ahalbidetzen dio gainerat hizkuntza horren idatzizko mundurat sartzea. Haurrak kudeatuko du harreman interaktibo edo dialogikoa. 5 eta 11 urte artean, autonomia narratiboa lortzen da. Euskara-gaztelera elebiduntasun baten kasuan, gaitasun hori 7 eta 8 urtetan lortzen da.
Testu baten planifikazioaren ezagutzak ahalbidetzen du gainerat beste gaitasun batzuen lanketa, molde kontestualizatu batean. Haurrak, egitura narratibo osoaren ekoizpena lortzen du : lehenik edukiak soilik batak bestearen ondotik kontatzen dituzte, beren memoriako kronologia jarraikiz, bigarren denbora batean hasiko direlarik edukien arteko harremanak markatzen, ipuinaren osotasuna eta batasuna memorian izanez, testu-atalak ongi antolatuz. Aldaketa hau 8 urte inguruan gertatzen da, haur elebakar eta elebidunentzat. Eta 10 urtetan denek egitura narratiboa osoki ekoizten dute.
Orain, linguistikoa, lexikala eta formala landuko da. Haurrak gero eta gehiago, testu antolatzaile barietate handiagoa ekoizten dute. 4 eta 6 urte artean, testu antolatzaile desberdin guti erabiltzen dute. 7 eta 9 urte artean, ahozko konexio mekanismoen jabekuntza gertatzen da, elebakar batentzat eta 9 urtean elebidun batentzat, (aniztasun gutxiagorekin ekoiztuak diren testu antolatzaileetan hizkuntza bakoitzeko elebakarrekin konparatuz). Euskara-gaztelera elebitasuna duten haur guziek konexio gaitasun aberatsa eta osatua dute 11 urtetan.
Ohartu gira, euskarazko ipuinetan, 6 urtetan ikasle gehiengoak ez du autonomia narratiborik erakutsiko (egitura narratiboa ez baita osoa izanen), 9 urtetan gehiengoak erakutsiko du eta 11 urtetan denek. Gero, 6 urtetan, ez dute testu antolatzaile aniztasun handi bat erabiliko eta 11 urtetan dibertsitate handi bat ekoiztuko dute. Aldiz, frantsesezko ipuinetan, piskat gauza bera gertatzen da. Halere, frantses elebakarrek, hobeak dira autonomia narratibo eta konexio gaitasunetan.

IEH-ko ikasleen ahozko ekoizpenen grabaketa
IEH-ko eskola desberdineko corpusa baliatuko da heldu diren azterketentzat. Egileak haurrek kontatutako ipuinen grabaketak aztertu ditu.Haurrak haien kontaketak egiten zutelarik, ez ziren lagunduak helduen partez. Helduak 5/6 minutu behar ditu frantsesezko eta euskarazko ipuin miresgarri bakoitza kontatzeko. Bi istorioak ber planoa dute (hasierako egoera disforikoa eta bukaerako euforikoa, hiru topaketak hiru frogen gainditzen laguntzeko). Horren esker, haurrek hobekio ulertzen ahal dute bi istorioak. Grabaketak, 5 eskolarekin egin dira, batzuk eskola publikoetan, beste batzuk ikastoletan, … Hori eta gero, transkribaketa egin da.

Transkribaketak
Transkribapenaren helburua zen aztertzea hezkuntza elebidunaren eragina ingurune euskalduneko euskara H1 duten haurregan eta ingurune erdalduneko euskara H2 dutenengan.
Transkribapena egiteko, lehenik, ipuina, grabaketaren tokia, kontalariaren datuak, … idatzi behar dira. Gero, konteketaren transkribapena dugu, errespetatzen duena hizkuntza bakoitzaren ortografia. Azkenik, horren azterketa egin izan da.

Osatu laginak
Lehen urrats batean, elebidunen grabaketak landuak izanen dira, beraz Miarritze eta Hazparneko haurren transkribapenak. Dakigun bezala, Hazparne ingurune euskalduna da, beraz, haurrek euskara H1 dute eta etxetik euskara lehen hizkuntza zuten haurren grabaketak hartuak izan dira. Aldiz, Miarritzeko ingurune erdaldunean euskara H2 da. Beraz, ez dugu ber hizkuntza maila ukanen. Ere, ikasle frantses elebakarrak transkribatuak izan dira eta Hbakar talde osatuko dute.

Analisien emaitzak
Lehen datuak ipuinen luzetasuna eta haurren hitz jarioari buruzkoak dira. Azterketak hiru ardatz ditu : autonomia narratiboa, planifikazioa eta konexioa.

Kontaketarako autonomia
Kontaketarako autonomia progresiboki haur H1 eta H2 lortzen dute. Egia da, haurrek zonbait eten egiten dutela haien kontaketan, eta zonbait aldiz lagunduak diren helduen partez (esku sartze bat eginez). Esku-sartze kopuru honen arabera, ikasleak perfil desberdinetan sailkatu dira :
  • ikaslea autonomo da helduak 0 eta 3 interbentzio artean egin duelarik
  • erdi autonomo da 4 eta 10 interbentzio artean
  • ez da autonomo 11 interbentziotik goiti

Edukien eta testu-atalen planifikazioa
Ikasleei eduki guztiak, bederen beharrezkoak direnak ipuina ulertzeko emana die, egitura narratiboa osoa izateko. 21 eduki beharrezkoetatik zenbat eskas ziren eta fase zonbaitzuk ere bai, ikasleen ipuinetan. Ondorioz, kontaketak, hiru perfiletan sailkatzen ahal ditugu :
  • A perfila : osatugabeena da, gaitasun gutxienik agertzen duena
  • B perfila : B perfila duen ikasle baten kontaketak edukiak eskas ditu ekintzen garapen fasetik, ala beste fase batetik
  • C perfila : osatuena da, kontaketa hauetan ez da edukirik eskas


Ondoren perfil hauen sailkapena ikus dezakegu, hiru perfil ezberdinetan sailkatu dira:
A perfila: Perfil hau gaitasun gutxien erakusten dituena da edukiak ekintzen fasetik eskasak direlako.
B perfila: Perfil hau A eta C perfilen artekoa da. B perfila duen ikasle baten kontaketen edukiak ekintzen garapen fasetik edo beste faseetatik eskasak dira.
C perfila: Perfil hau da osatuena, perfil hau duten haurren kontaketen edukiak onak dira eta egitura narratiboa ondo eraikitzen dute.



3. Konexioa
Konexio gaitasuna aztertzeko, haurrek beren ipuinetan konexioa osatzeko zein testu antolatzaile erabiltzen dituzten aztertu behar dela esaten du Lascanok bere tesian. Horretarako bere lanean hiru testu antolatzaile ezberdin erabili ditu: Artxikonektoreak, denborazko testu antolatzaileak eta bestelako testu antolatzaileak: denboraz bestelako balorea duten juntagailuak, menderagailu edo adberbioak…
Hori azaltzeko ondorengo adibide hau erabili du:
« kontalaria: […] euh orduan / euh zaldiek ian nahi zuten Mattin Zaku orduan / euh Matti- Mattin Zakuk / euh zakutik euh ateratzen du otsoa / eta otsoa jan jan euh / zuen euh zaldi guziak / eta gero euh / biharamunean / soldaduak etortzen dira eta / ikusi zuen / ikusi zuten euh Mattin Zaku / trankil jarrita: belarrean / orduan euh erregea / hum erregea erabaki zuen euh: / Mattin Zaku euh su- usMattin Zakuri sua ematea / orduan euh sua eman zuten eta: euh / zakutik euh erreka ateratu du / eta euh / erreka / euh: sua itzali zuen // ah / euh: / eta gero: / [...]»




Ondoren, sailkatu egin ditu. Alde batetik emaitza kuantitatiboak bildu ditu, testu antolatzaileen ehunekoak eta hauetan multzo bakoitzaren ehunekoa. Bestetik, denborazko testu antolatzaileak sakonki aztertu ditu eta horrela haurrak ipuina nola eraiki eta lotzen duen eta horretarako ze testu antolatzaile erabiltzen dituen ikusi du.
Lortu dituen emaitzen arabera hiru perfil ezberdin sailkatu ditu:
A perfila: Perfil honetan itxiera markatzen ez duten haurrak egongo lirateke.
B perfila: Perfil honetan itxiera bat edo bestea markatu duten haurrak daude.
C perfila: Perfil honetan bi itxierak markatu dituzten ikasleak daude eta testu antolatzaile bat erabili dute.
Horrez gain, haurrek artxikonektoreak erabiltzeaz gain beste denborazko testu ze antolatzailerik erabili duten eta ze konexio funtziotarako erabiltzen dituzten ikusi nahi izan du eta horretarako beste hiru perfil sailkatu ditu:
A perfila: Perfil honetan kontakizunetan arxikonektoreak soilik erabiltzen dituzten haurrak daude.
B perfila: Perfil honetan artxikonektoreez gain, maila lokaleko artikulazioak sortzeko eta esaldi baten barruan proposizioak beraien artean lotzeko beste denborazko testu antolatzaileak ekoizten dituzten haurrak daude.
C perfila: Perfil honetan maila globaleko artikulazioak sortzeko eta proposizio multzoak eta faseak bata besteei lotzeko artxikonektoreez gain haurrek bestelako denborazko testu antolatzaileak ekoiztu dituzte:segmentazio, demarkazio eta enpaketatze funtzioak.


Ondorioak
Tesi lan honetan Lascanok IEH-an murgilketazko irakaskuntza, hau da, euskarazko irakaskuntza segitzen duten haur elebidunen hiru hizkuntza gaitasunak aztertu ditu euskaraz eta frantsesez, lehen hezkuntzako lehen, hirugarren eta azken urtean (6, 9 eta 11 urtetan). Lascanok aztertu duen eremuan euskara egoera diglosikoan dago, ez da ofiziala. Azterketa hori egiteko hiru perfil ezberdin erabili ditu: etxetik euskaldunak diren ikasleak, etxetik frantsesak diren ikasleak eta frantses elebakarrak. Ikerketa hau egiteko, haurrek ipuin miresgarri bat kontatu behar zuten eta grabatu egin zitzaien. Ondoren, ipuin horien kontaketak erabili ditu analisia egiteko. Horrez gain, hiru iker-ardatz ezberdin erabili ditu hizkuntza gaitasun horien azterketa egiteko: autonomia narratiboa, edukien eta testuatalen planifikazioa eta testu antolatzaileen bidez eraikitzen duten konexioa.
Ikerketen emaitzetan oinarrituz ondorio hauek atera ditu:
Alde batetik, 9 urtetik gorako haurrak kontaketak egiteko garaian autonomoak direla. Heldu batek ipuin bat kontatzen dienean beraiek ipuina berriz kontatzeko gai dira, euskaraz eta frantsesez. Lascanok dioenez, honek esan nahi du bi hizkuntzak ondo menperatzen dituztela eta idatziaren mundura sar daitezkeela beren lehen zein bigarren hizkuntzan.
Bestetik, 11 urteko gehiengo haurrek ipuinen egitura osoa euskaraz eta frantsesez kontatzen dutela ikusi du eta 9 urteko haur batzuk ere hori egiteko gai zirela, baina frantses elebakarren kasuan berriz ez da horrela ez 9 eta ez 11 urteko haurrekin ere. Lascanok dioenez, honek esan nahi du ikasle hauek ipuin miresgarrien egitura kanonikoa menperatzen dutela. Ipuina bigarren hizkuntzan kontatzen dutenean ere egitura osoago bat azaltzen dute. 11 urteko ikasle gehienek testu antolatzaile ugari erabiltzen dituzte eta testu mailako konexio global bat antolatzeko gaitasun handia dute. Horrez gain ikasle elebidunek frantsesezko testuak egiterakoan emaitza hobeagoak izan dituztela ere esaten du, euskara lehen hizkuntza edo bigarren hizkuntza gisa izanik. Esaten du, emaitza horiek bat datozela munduan zehar egin diren ikerketetan lortu diren emaitzekin, hau da, ikasle elebidunek gaitasun handiagoa dutela ipuin bat kontatzean testu antolatzaile gehiago erabiltzeko.
Ikus dezakegu ere IEH-n aztertu diren ikasle elebidunek, murgilketa ikasketa eredua jarraitzen duten ikasleek, lehen hezkuntza bukaeran daudenean autonomia narratibo, planifikazio eta konexio gaitasunak, euskaraz zein frantsesez menperatzen dituztela, bai euskara lehen hizkuntza edo bai bigarren hizkuntza gisa duten ikaslek.
Badirudi kasu azterketan,euskaraz ikasi duten ikasleen testuetan ipuin miresgarria egituratzen gaitasunen transferitze fenomenoa argitan ezarri dela eta gai izan dira frantsesez ere gauza bera egiteko. Gauza bera gertatu da testu antolatzaileen erabilera gaitasunarekin. Ondorioz, nahiz eta euskara hizkuntza gutxitua izan, transferitze fenomenoak gertatzen direla baiezta dezakegula esaten du Lascanok.
Hego Euskal Herriko emaitzei dagokienez, Lascanok dio 8 urtetatik gora garatzen dutela aditz kohesio gaitasuna baina ergatibo kasuaren menperatzeari dagokionez ahulagoa dela euskara H2 duten ikasleengan. Ikasle elebidun eta elebakarrek frantsesaren menperatze berdintsu bat garatuko dutela pentsa daitekeela dio Lascanok eta euskara murgilketa ereduan haurrek errazago menperatuko dutela. Ondorioz, ikus dezakegu euskaraz ikasteak ez diola ezer kentzen frantsesaren menperatzeari murgilketa ereduak euskara eta frantsesaren menperatzea bermatzen duelako.
HAUSNARKETA/ONDORIOAK:
Oro har, Lascanoren lana jakingarria eta ongi azaldua iruditu zaigu. Azpimarratzekoa deritzogu, formaren aldetik, tesiaren laburpenaren irakurerreztasuna, frantseseko zenbait kalko gordin alde batera utzita, beti ere.

Hala ere, testuan agertutako bi ideia zalantzagarriak iruditu zaizkigu eta kritika bat egin nahi genieke. Bata, laburpenaren lehen orrialdean bertan honako baieztapena egiten du Lascanok: "euskara egoera diglosikoan da frantsesarekiko, eta honen etxeko transmisioa gero eta ahulagoa izanez, eskolak du segurtatzen transmisio".
Nahiko kezkagarria eta xaloa deritzogu etxeko hizkuntza transmisioa eta eskolak egin dezakeen hizkuntza transmisioa konparatzea, gainera ordu parekotasunezko eskola elebiduna zaku horretan sartzen delarik ere.
Edozein hiztunek badaki etxeak, hots, sendiak eginiko transmisioa indartsuagoa, sakonagoa eta naturalagoa dela, hizkuntza komunikazio egoera naturaletan, eta egunerokoetan erabiltzen delako etxean; hizkuntza bizi da horrela, eta hiztuna naturalki atxikitzen zaio horri. Gainera, etxean sentimenduei loturiko ideiak adierazten dira, afekzioa, haserrea, eztabaida, asperdura…. Eskolan, ordea, komunikazio egoera bakarra da: akademikoa, eta gainera, oro har ikasleek ez dute hitza hartzen, soilik entzute dute, pasiboak dira, eta hikuntzarekiko harreman artifiziala garatzen dute horrela.

Bestea, aurrerago agertzen da, Lascanok hezkuntza modelo bakoitzak ikasleengan iguriki dituen hizkuntza mailak deskribatzen dituenean. Hemen, egileak dio murgilketazko ereduan "elebitasun orekatu" iguriki dela lehen mailaren bukaeran. Pertsonalki, uste dugu elebitasun orekatuaren kontzeptua era ez guztiz egokian erabilia dela kasu honetan. Geure buruaren hizkuntza gaitasunei begiratu diegu: gutako bik ikastolan egin ditugu ikasketa guztiak eta hirugarren batek modelo elebidunean. Gainera, ikasketa horien ostean Euskal Ikasketei ekin diegu. Beraz, euskararekin harreman handia ukan dugula esan daiteke, eta, hala ere, geure burua nekez kontsideratzen dugu elebidun orekatu bezala.
Beraz, argi dago nahiko irreala dirudiela elebiduntasun orekatu maila lortu nahi izatea IEHn lehen mailaren bukaeran. Horretaz ohartzeko aski da ikustea diglosia egoeraren zama. Elebiduntasun orekatu batera iristeko beharrezkoa da diglosia egoera hori norberaren bizitzan ez horren zorrotza izteko aukera ukatea, hau da, eskolaz gain etxean ere euskaraz egitea adibidez. Bestela, euskara bakarrik eskolan baldin bada, frantsesak edo gaztelaniak hartzen du beti gaina.


Kritikak alde batera utzita, bestelako gogoeta batzuk egin ditugu. Argi dugu hiriaren arabera, euskararen maila desberdintzen dela. Idei hori Lascanok azpimarratzen du, Miarritze eta Hazparneko adibideekin, erakutsiz bi hiriko ikastoletan maila arrunt desberdina atzematen dugula. Horrek pentsatu arazi digu eskola fisikoki eremu jakin batean kokatzen den erakunde bat dela. Errealitate hori guztiz kontuan hartzekoa da eta Lascanoren lana zabaltzeko bide bat ikusi dugu hor. Euskaraz irakasten dute ikastetxeen inguruko ikerketa hau bururatu zaigu: ikastetxe horien kokapena eta, ondorioz, "kokapen" soziolinguistiko eta geolinguistikoa kontuan hartzen duen ikerlan bat.
Uste dugu, euskararen kasuan bereziki, oso ezberdina izan daitekeela eremu herrikoian kokatutako Baigorriko ikastola batean, Tuterako hiri barneko D ereduko ikastetxe publiko batean edota Mutriku bezalako eremu biziki euskaldunean kokaturiko ikastola batean ikastea. Hiru adibide hauetan, ikastetxearen pareten barnean, euskarazko irakaskuntza da helburu, baina pareten bestaldeko errealitateak ikastetxe bakoitza era ezberdinean baldintzatuko du, eta berezko erronkak inposatu.

Honekin batera, azkeneko gogoeta ireki nahiko genuke: gurasoen inplikazioa. IEHko ikastoletan gurasoen inplikazio handiagoa sentitzen ahal da euskara koofizialtzat aintzatesten duen eremu batean baino? Izan ere, Iruñako ikastoletan bilakaera adierazgarria gertatu da zentzu honetan: euskara geroz eta onartuago eta instituzionalizatuago egon, orduan eta txikiagoa da gurasoen inplikazioa.











BIBLIOGRAFIA


Lascano, Beñat, Étude du bilinguisme basque-français chez les élèves suivant une scolarité primaire inmersive en basque
1Nire ustez, tesiaren laburpenaren zati hau irakurrita, autoreak ez du oso argi uzten zein den mantentze eta murgilketazko ereduen artean. (14. orrialdea, 2. paragrafoa).